Baloreen bigarren saria eskuratu dugu!!!

14/02/2018

37 ikastetxe ezberdinetako 80 talde eta 1.200 ikasle baino gehiagok bat egin zuten pasa dan larunbatean Gasteizko Europa Jauregian ospatu zen First Lego League Euskadi txapelketan. Zientzia, teknologia, berrikuntza eta baloreen lanketa bultzatzen dituen txapelketa honetan parte hartzen genuen lehen aldia izan da gure Ikastolarentzako, eta ez da azkena izango!.

 

Menpekotasuna sortzen duen esperientzia ikaragarri eta dibertigarria bizitzeaz gain, larunbateko  

saioan Baloreen bigarren saria eskuratu genuen, ilusioa, esker ona, partekatzea, jakinmina, esfortsua, konfiantza eta elkar ulertzea bezalako baloreen defentsari esker. Lehiaketa 3 atal nagusitan banatzen da, proiektu zientifikoa, baloreen lanketa eta robotaren saioa. Urtero gai nagusi bat ezartzen dute antolatzaileek eta ikasleek horren inguruan jorratu behar dituzte beraien lanak. Horrela,  aurtengoan URAREN GIZA ZIKLOA (HYDRODINAMICS) izan da ezarritako gaia eta, Latxa izenpean, pertsonak uraren erabileran kontzientziatzea eta kontsumo arduratsua bultzatzeko helburua duen, URAPP deitutako mugikorrerako aplikazio bat sortu dugu proiektu zientifikoa defendatzeko. Roboten saiorako, urari lotutako erronka ezberdinak aurrera ateratzeko programatu genituen robotak eta saio honetan parte hartu genuen 47 taldetik, 23. postuan bukatu genuen saioa. Lehen aldia izateko ez dago gaizki!!

 

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen duen First Lego League txapelketaren aurtengo edizioa orain arte ospatutako arrakastatsuena izan da, parte hartze marka

 

guztiak hautsi ditu espainiar estatuko txapelketa handiena bilakatuz. Horregatik, merezimendu aparta du gure ikasleek Baloreetan jaso duten bigarren saria. Txapelketan First Lego League baloreei garrantzia handia ematen diote. Beste ikaskideengandik ikastea, lehiakortasun adiskidetsua, ikasketa eta gizarteari laguntzea bezalako baloreak saritzen dira.

 

Oso pozik eta esperientzia errepikatzeko gogotsu bueltatu dira gure ikasleak Gasteiztik. Goizeko 9etan hasi eta arratsaldeko 18:00ak arte luzatu zen txapelketa hau oso dibertigarria izan zela esan digute eta, aldi berean, menpekotasuna ere sortzen duela aitortu digute. Horregatik, datorren urtean txapelketara bueltatzeko irrikitan daude eta dagoeneko identifikatu dituzten hurrengo ediziora begira hobetu behar dituzten puntuak.

 

Zorionak egindako lan onagatik!!!

Share on Facebook
Share on Twitter
Please reload

BeraKruz Ikastola www.berakruz.eus

Abesua, 5-7, 48270 Markina-Xemein (Bizkaia)

Tlf. 94 616 60 30