Konfiantzaren pedagogia

Haurra ikusteko modu berria

Egiteko modu berria

Hezkuntza eredu honek Euskal Herrian abiapuntua Hazitegi proiektuan du. Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Enpresa fakultatean garaturiko ikerketa proiektuan alegia. Sustatzailea psikiatra, sendagile eta irakasle den Rafael Cristobal da.

Teoria zientifiko eta enpirikoetan oinarrituta dago eta orain arteko hezkuntza sistemari hainbat parametro aldatzen dizkio. Horietako bat, ikasle, guraso eta irakasleen arteko harremana da. Gizakia jaiotzen denetik, gaitasun eta lege batzuekin dator. Lege horiek ezagutu eta errespetatzen baldin badira, haurraren jarrera hezitzaile eta konfiantzazkoa ezarriko da eta ikasketa prozesu positiboa abiarazi.

Honen aurrean, Ikastolak egiteko modu berri bat planteatu du. Ikaslearen erritmo biologiko, kognitibo eta emozionalak errespetatuz. Gizaki bakoitza bakarra eta errepika ezina dela onartuz eta etorkizunean izango den pertsona oso eta zoriontsua bezala garatuz.

Konfiantzan oinarritutako begirada sustatuz, gazteek bere kabuz garatzeko duten ahalmenean sinestarazi behar zaie. Norberaren interes eta esperientzietatik abiatuz, libreki ekinez, manipulatuz eta sortuz, bere barneko emozioak ulertuz, sentituz eta gaindituz.

Edukietan oinarritutako hezkuntza eredua alde batera utzi, eta gaitasunetan eta bizipenetan oinarritutako ereduetara jo dugu. Irakaskuntzan beharrean, ikaskuntzan jartzen dugu indarra. Irakasteari ordez, ikasteari ematen diogu garrantzia.

Egiteko modu barri honekin, espazioak proiektu pedagogikoaren zerbitzura jarri ditugu Ikastolan . Haurraren garapen naturalaren legeak errespetatzen dituenak. Ondorioz, umeari aukera zabalak eskaintzen zaizkio autonomia garatzeko, adin ezberdinetako haurrak elkarrekintzan aritzeko eta umeak berezkoak dituen senak edo instintuak lantzeko: zaintzarako sena, miatzeko sena, atxikitzeko sena…

Oinarrizko konfiantzaren eta autoestimuaren jatorria, umearen, zaintzailearen eta inguruaren artean sortzen den loturan dagoela jakinik, ezinbestekoa da, etxetik eta Ikastolarako bidea ongi egitea. Umearengan lehenengo bizten den sena, norbaitekiko lotura dalako, atxikitzeko sena deitzen diogun hori. Konfiantzaren Pedagogiaren ikuspegitik, funtsezkoa da umeari pizten zaizkion senei modu sentikor eta egokian erantzutea.

Honetarako Ikastolan, eta batez ere txikienekin, irakaslearengana eta espazio berrietara ohitzeko, denborak eta guneak egoki zaintzen ditugu. Umea lasai eta seguru sentitu arte, gurasoek gela barruan egoteko aukera dute. Eguneroko banaketa ere, ahalik eta lasaien egitea gomendatzen dugu, eta haurra beste umeekin jolasean hasi arte, gurasoei ez joateko eskatzen diegu. Garrantzitsua da hau ondo egitea, sortzen dugun lotura egokia ez bada, eraikiko dugun erlazioa ere, ez da sendoa izango eta.

Haurrak heltzen doazen heinean, beraien ahalmenetan sinesten, emozioak ulertzen eta gestionatzen, eta egoerei modu autonomoan erantzuten laguntzen diegu.

BeraKruz Ikastola www.berakruz.eus

Abesua, 5-7, 48270 Markina-Xemein (Bizkaia)

Tlf. 94 616 60 30