top of page

INSPIRA proiektua!


2018-2019 ikasturte honetan INSPIRA izeneko proiektu batean murgilduta gaude LH6-ko ikasleekin. Inspira Deustuko Unibertsitateak sustaturiko proiektua da, Elhuyar Fundazioarekin eta Innobasquerekin lankidetzan, eta Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) - Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren laguntza ere badu.

Inspira, euskal ikasleen artean zientzia- eta teknologia-bokazioak sustatzeko eta hori nesken artean urgentziaz egiteko premiatik sortu da. Teknologian prestatzearen alde egiten duten ikasleen kopurua gutxituz doa urtetik urtera. Eta nesken kolektiboari dagokionez, are okerragoak dira datuak. Horregatik, Euskadin aintzindaria den proiektu honen helburua bokazio teknologikoa sustatzea da nesken artean, ikerketa, zientzia eta teknologia munduko emakume profesionalek (mentoreak) borondatez ematen dituzten sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzetan oinarrituta.

EAE guztiko hainbat ikastetxetako neska-mutilek hartzen dute parte 6 lan-saiotan.

Saio bakoitzean, STEAMetan profesionala den emakume bat etorri da (mentorea) neskekin egotera eta saio berdinak landu dira mutilekin ere ikastetxeko irakasle baten laguntzaz. Honelako gaiak aztertuko dira: inguratzen gaituzten estereotipoak, lana edo emakumeak eta zientzia historian zehar. Topaketa hauekin zientzia eta teknologiako lanbideei buruzko zalantzak eta eragozpenak uxatu nahi dira, motibazioak argitu eta autoestimua sendotu, nahi badute, lanbide horiei ekiteko.

Gure ikastetxearen kasuan, Nahia Gartziaren laguntza izan dugu mentore bezala. Biologoa da formazioz eta UPV/EHUko lurzoru zientzietan doktoradutza du. NEIKER-Tecnalian egiten du lan, Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea izanik, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikita dagoen erakunde publiko bat.

Pasadan astean 5.saioa egin genuen denok batera.

Nahiak lurzoru desberdinak ekarri zituen eta ikasleek esperimentu desberdinak egin zituzten lurzoru horiekin: lurzoruaren buztin, harea eta limo maila aztertu, ura xurgatzeko ahalmena eta kontaminatutako ura xurgatzeko ahalmena konprobatu. Oso ondo pasatu genuen eta hona hemen saioaren argazkiak!

Milesker Nahiari bere laguntzagatik!


bottom of page