Sartu gara abenduan eta horrekin batera, urteko unerik goxo eta berezienetariko batean. Gabonak gainean ditugu eta ikastolan usaintzen da jada, gabon giroa. Lehenengo ebaluazioa bukatuta, guztiok gaude lasaiago eta oporrak hartzeko gogoz. Baina horren aurretik, ikastolan egiten den ospakizun hunkigarrienetarikoa daukagu, gabonetako jaialdia.
Ba al dakizu nolakoa izaten den gabonetako ospakizuna Ikastolan eta nola ospatzen ditugun egun hauek? Hori jakin nahi baduzu, jarraitu irakurtzen benetan polita izaten da eta! Jaialdia bera oporren hasiera baino bi egun arinago izaten den arren, gu aurretik hasten gara gabonak prestatzen eta ospatzen.
Hasteko, abendua hasiaz batera, abendualdiko ekintzak egiten dituzte ikasleek. Bertan, umeek, hainbat jardueren bidez, egun hauen zergatia, esanahia lantzen dute. Hori horrela, gelak eta Ikastola apaintzen dira, harreran Olentzero eta Mari Domingi jartzen dira, gabonetako zuhaitza, elizan jaiotza handia… Haur Hezkuntzako umeek adibidez, hile osoan zehar zenbait ekintza egiten dituzte: eskulanak, gabonetako abestiak entzun, espazioak apaindu, Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak idatzi eta udaletxeko postontzira bota… eta nola ez, guztiek prestatzen dute gabonetako ospakizunean abestuko duten kantua.
Jaialdia elizan izaten da eta, tradizioa mantenduz, ekitaldia HHkoen antzerkiarekin hasten da. Seguruenik ikasle ohi gehienak izango dituzte antzerki horretako argazkiak. Ondoren, mailaka gabon kantak abesten dituzte. Ospakizun zoragarria izaten da¡ Gainera, antolatzaileak DBH 4. mailakoak izaten dira eta haien azken ikasturtea izanik, momentu zirarragarriak bizi izaten dituzte.
Oporrei hasiera eman aurretik, ospakizunaren hurrengo egunean, Olentzero eta Mari Domingirekin kalejiran irtetzen gara Gabon Kantak abestuz. Zenbat disfrutatzen duten gure txikiek egun honekin!
Guretzat gabonak oso garrantzitsuak dira. Gabonak ospatzean elkartasuna ospatzen da. Familia elkartu, lagunak baloratu… solidadioak izateko garaia. Horregatik, urtero, gehien behar dutenei laguntza emateko, kanpaina solidarioa ere antolatzen dugu. Izan ere, herriko hirugarren adineko egoitzarekin eta Izarbidean elkartearekin merienda solidaria antolatzen dugu. Aipatu bezala, guretzat, Ikastolarentzat, solidaritatea eta eskuzabaltasuna ezinbestekoak dira, gure izatean datoz.
Beraz, orain badakizue nola ospatzen ditugun gabonak gure Ikastolan. Gabon zoriontsuak opa nahi dizkizuegu Berakruz Ikastolatik!
Comments