Gizartea ez da gutxi batzuek osatzen duten taldea, herrialde batean bizi garen pertsona guztiok osatzen dugu komunitatea baizik. Guztiok esaten dugunean ez da baina herriko gehiengo autoktonoa, gaur egun bizi dugun egoera globalizatuan etorkin asko dira Markina-Xemeindar gizartearen parte eta eragile eta, ezinbestekoa da beraien parte-hartzea eta inplikazioa gure euskal kultura eta hizkuntza zaharra den euskara zaindu eta elikatu nahi baditugu.
Herria guztiok egiten dugulako dago Markina-Xemein kulturartekotasun proiektuan murgildurik eta Berakruz Ikastolatik ere proiektu honetan sinesten dugunez, ikasturte hau zenbait dinamikarekin hasi dugu: oso garrantzitsua iruditzen zaigu hezkuntza komunitatea osatzen duten kide guztiek parte-hartzea eta oso eskertuta gaude izan duen harrera eta emaitzagatik.
Irailaren 2an egin zen lehenengo guraso bilera eta Haur Hezkuntzako irakasleak izan ziren lehenak aldibereko itzulpena erabiliz guraso bilerak euskara hutsean egiten. Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleek ere teknika bera erabili zuten eta, kasuren batean, xuxurlari rola ere bete genuen familiei beharrezko itzulpena egiteko eta guztien ulermena bermatzeko.
Horrez gain, familien arteko elkarreragina bultzatzeko zenbait dinamika gidatu zituzten etapa eta maila bakoitzeko tutoreek:
HHkoen kasuan, gurasoek beraien eskuen silueta marraztu zuten, taldeko guztiek elkarri eskua eman eta mural bat osatu zuten borobil forman; gero, haur bakoitzak, bere familikoaren eskuaren barruan jarri zuen bere eskutxoa kolorez. Era honetan, familiak eta haurrak bidean BATERA eskutik emanda doazela irudikatu zuten.
LHn, maila bakoitzak talde argazkia atera zuen kohesio astean, talde izaera sendotu eta ikasturte osoan zehar beraien oroigarri izango dena eratzeko. Familiek guraso bileran argazki bera berreraiki behar izan zuten eta... a zer nolako barreak egin zituzten! Gainera, ikasleek ilusioz bizi izan zuten hurrengo egunean beraien senideek eurak imitatu izana, a zer nolako momentu dibertigarria bizi izan zuten! Orain, bi argazkiak elkartu eta geletan dituzte horma-irudi: familiak eta seme-alabak elkarrekin.
DBHen, berriz, ikasleak animatzea helburu izanik, maila bakoitzean beraien erara mezu motibatzaileak idatzi zizkieten familiek beraien seme-alabei: batzuk beraien eskuak marraztu eta atzamarretan idatzi zizkieten, beste batzuk zuhaitza marraztu eta hostoetan idatzi zizkieten mezuak, mailaren baten beraien seme-alaben argazkiak baliatu zituzten mezua idazteko... topera hasi dute ikasleek ikasturtea horrelako animoekin!
Guraso bilerak inoiz ez bezalakoak izan dira aurten: bilera parte-hartzaileak izan dira, dibertigarriak, dinamikoak... eta are gehiago, ia familia guztiak izan dira bertan, ikasleei merezi duten arreta eskainiz eta familien taldea aberastuz.
ESKERRIK ASKO! Ikastolatik pasatu zareten guztioi eta dinamika hauetan parte hartu duzuen bakoitzari, zuek egiten duzue hezkuntza komunitatea eta orain, inoiz baino gehiago, zuek guztiok osatzen duzue gizartea. Ikasleengatik, zuen seme-alabengatik... merezi dutelako, eraiki dezagun guztion artean gizarte anitz, inklusibo eta abegikor bat!
Comments